Ainara Santamariari elkarrizketa

Hitzan irakurria

AINARA SANTAMARIA (IKERTZAILEA): “MAITASUNARI ERALDAKETARAKO FUNTZIORIK EZ ZAIO AITORTZEN”

Maitasun erromantikoak musikagintzan duen presentzia ikertu du Ainara Santamariak (Berriatua, 1988), ohiko ereduen bestelako harremantzeko erak indartu eta ikusaraztearen garrantzia nabarmenduz.

Maitasun erromantikoari buruzko ikerketa egin duzu. Zer da maitasun erromantikoa?

Maitasun erromantikoa gaur egunean mendebaldeko kulturan gailentzen den maitasunaren eredua izendatzeko baliatzen den kontzeptua da. Betirakotasunean, esklusibitatean, heterosexualitatean oinarritzen den maitasunaren ideologia da. Maitasunaren eredu horrek menpekotasunezko harremanak sortzen ditu finean.

Ainara Santamaria ikertzaile berriatuarra

Hortaz, maitasun erromantikoa errealitate bihurtuko mitoa al da?

Erreala bailitzan saltzen zaigun mitoa da. Maitatzeko modu hori berezkoa dela sinestarazten digute, sistemaren mantenurako funtzio konkretu batzuk betetzen dituela ezkutatuz.

Printze urdina eta printzesa, bizirik dirauen eredua.

Eredu horrek lotura estua du gure buruak gabeziazko pertsona gisa ikustearen ideiagaz. Ideia horren arabera, pertsona gisa ditugun gabezia denak gainditzeko beste pertsona baten beharra daukagu; soilik beste bat maitatuz izango gara subjektu oso eta perfektu. Sinesmen horregaz apurtzeko ezinbestekoa da emakumeok gure agente izaera eskuratu eta hala jardutea.

Beraz, ez dago maitasun eredu bakarrik. Jendartean gauza jakina da, ala ez?

Ingurura begiratuz gero, egia da orokorrean gailentzen den maitatzeko modua erromantikoa dela, eta horrek maitatzeko modu bakarra dagoela pentsatzera eraman gaitzake. Baina orokortasun horretatik harago joanez gero, maitatzeko eredu anitzekin topatzen gara; eredu erromantikoarekiko gatazkatsuak diren harremanak edo apurketa bat planteatzen dutenak, adibidez. Beraz, errealitatea sakon aztertuta konturatu gaitezke ez dagoela maitatzeko modu bakarra, nahiz eta saltzen digutena kontrako ideia izan.

Maitasun erromantikoaren eta musikagintzaren harremana aztertu duzu. Zer ikusi duzu?

Gazteen identitatearen eraikuntzan garrantzia handia daukan elementua da musika; gure emozioei forma ematen dielako, besteak beste. Egun, orokorrean, musikagintzak eredu erromantikoa berproduzitu eta, ondorioz, indartu egiten duela ikusi dut. Kantuetako letra kritikoak dituzten musika talde gehienek maitasunari buruz abestean, topiko erromantikoak erreproduzitzen dituzte, eta horrek kontraesan gutxi sortzen du entzuleengan. Maitasunari eraldaketarako funtziorik aitortzen ez zaiola ondorioztatu nuen, oraindik pertsonala politikoa denaren idei-an, emozio eta afektibitatearen esparrua kanpoan uzten dugu.

Sozializazio prozesua eta botere harremanak elkarren eskutik al doaz? Eta, hala bada, non ikusten da hori garbi?

Dudarik gabe, eskutik doaz, txikitatik hasten den sozializazio prozesuaren bidez finkatzen baitira botere harremanak. Mutil eta neska izaten irakasten digute sozializazio prozesuaren bidez, eta genero sistemaren ondorioz, neska izendatzen gaituz-
ten momentutik desabantailan gaude botere harremanetan. Esaterako, oso gaztetatik neskak objektu sexual gisa tratatuak eta ikusiak gara; gure jarrera edo janzkera besteen plazerraren arabera moldatuz. Gorputz hipersexuatua eta objektibizatua da gurea.

Haurtzaroan, nerabezaroan zein gaztaroan, botere harremanak badaude. Baina, nola eta noiz indartzen dira?

Egunero erreproduzitzen ditugun jarrera zein egiturazkoagoak diren botere guneek inposatzen dutenaren bidez indartzen dira botere harremanak; nahiz eta ardura maila berean kokatzen ez ditudan biak. Horri buelta emateko mugimendu feministak borroka handia egiten du, eta eraldaketa prozesu horretan ekarpen handia egin dezakegu. Gazte mailan, zehazki, sozializazio prozesuan pisua hartzen duten esparruetan lan egin behar da batez ere, genero sistemaren lanketa txikitatik hasiz.

Testuinguru sozial, politiko, kultural eta erlijiosoak eragina duten moduan, komunikabideen eragina ere nabarmena da.

Komunikabideak jendartearen informazio iturri nagusia diren heinean, eragin zuzena dute imajinario kolektiboaren osaketan, eta errealitatearen kontaketa interesatu bat egiten dute. Ez da gauza bera aukera sexuala esatea ala joera sexuala, emakumezkoak agente gisa agertaraztea ala gizon baten emazte gisa; ez da gauza bera rol tradizionalak betetzen dituen emakume baten istorioa kontatzea ala horiekin apurtzen duen beste batena kontatzea… Hedabideetatik ekarpen handia egin daiteke jendarte parekide baten eraikuntzan. Feminismoari ematen diozuen ahotsa ahalik-eta gehien indartuko nuke.

Ainara Santamaria: “Ez da gauza bera aukera sexuala esatea ala joera sexuala, emakumezkoak agente gisa agertaraztea ala gizon baten emazte gisa; ez da gauza bera rol tradizionalak betetzen dituen emakume baten istorioa kontatzea ala horiekin apurtzen duen beste batena kontatzea…”

Askok gizarte parekideago bat dugula diote, baina agerikoa da aurrerapauso falta. Benetako konpromisoen falta al dago?

Borondate sendoagoa egongo balitz, konpromiso handiagoa egongo litzateke. Argazkian agertzeko konpromisoak hartzen dituzte instituzio gehienek, baina ez dute erroko aldaketarik planteatzen. Zergatik? Hezkidetzan oinarritutako hezkuntza ereduak, adibidez, kolokan jarriko lukeelako genero sistema bera, eta, hortaz, baita patriarkatua eta kapitalismoa ere. Eta sistema horren jagole diren agintariei ez zaie horrelakorik komeni.

Bikote harremanak askotarikoak dira, baina guztiek ez dute jendartearen onarpena.

Garrantzitsua da disidenteak diren harremanak agertaraztea; ez soilik homosexualak direnak, baita taldean maitatzen dutenak, askatasuna erdigunean ezartzen dutenak, beste pertsona jabetza gisa ikusten ez dutenak… Printzesa eta printzeen ereduaz bestelakoak diren harremantzeko moduak indartu eta ikusarazi behar ditugu. Maitasunaren esparruan erreferente berriak bultzatu behar ditugu; kultur esparrutik, komunikabideetatik, hezkuntzatik… Eta geu ere bestelako harreman ereduak bizitzera ausartuz; zergatik ez?

Askatasuna, konfiantza, errespetua… Teoria argi izan arren, errealitatea beste bat da. Nola amaitu kontraesan horiekin?

Etengabeko hausnarketa eta praktikaren bidez. Txikitatik atxiki dizkiguten sinesmen eta rolak ez ditugu egun batetik bestera aldatuko. Deserainkuntza prozesu handia egin behar da. Jendarte eredu justuago eta burujabeagoa eraikitzeko, oinarrizkoa aldatu behar dugu. Hor sartzen da gure harremantzeko modua ezbaian jartzea. Deseraikuntza prozesuko kontraesan eta minak arintzeko, garrantzitsua da taldearen indarra; prozesu kolektiboa izatearen balioa.

Santamaria: “Maitatzen dugun pertsona jabetza gisa ikusteak, kontrol eta jeloskortasunagaz lotura estua du. Premiazkoa da pertsonala politikoa dela ulertzea eta maitasuna eraikuntza sozial gisa ikustea”

Kontrola, jeloskortasuna, porrota eta erruduntasuna sentitzea zeren ondorio dira?

Eredu erromantikoan oinarritutako sinesmen faltsuaren ondorio dira. Eredu horrek ezarritako mandatuak betetzen ez ditugunean errudun sentitzen gara,  gutxiago bagina legez, hortik porrotaren sentipena. Maitatzen dugun pertsona jabetza gisa ikusteak, kontrol eta jeloskortasunagaz lotura estua du. Beste pertsona soilik gurea dela pentsatuta, haren askatasuna mugatuko dugu; bere harremanak, izateko modua, hitz egiteko modua, janzkera… guk kontrolatuz.

Nola lortu maitasuna libre bizitzea, bakoitzak nahi legez?

Premiazkoa da pertsonala politikoa dela ulertzea eta maitasuna eraikuntza sozial gisa ikustea. Denok aztergai jarri beharko genuke gure harremantzeko modua. Azterketa iraunkorra egin, eta hausnarketatik praktikara jauzi egin: osasuntsutzat ez ditugun jarrerak eta egoerak aldatu, bakoitzaren nahiak eta desioak erdigunean jarri eta gauza berriak probatzera ausartuz. Ez dago trikimailu magikorik: sentitu, pentsatu eta ekin. Erreferente berriak sortzeak eta maitasunaren gaia kolektiboki lantzeak bidea erraztuko digu.