San Gregoriotako lehen asteburua

Hitzan irakurria

Azoka, gazte eta Ordago! egunek emango diete hasiera Berriatuko jaiei

Berriatuko San Gregorio jaiak zapatuan (maiatzak 2) hasiko dira. Zapatuan Azoka Eguna eta Gazte Eguna ospatuko dute herritarrek eta domekan Ordago! Eguna.

Zapatukoa egun osoko jaia izango da. Euria izanez gero azoka Mendibarren frontoian ospatuko litzateke. Azoka 10:00etan zabalduko da, eta 14:30 aldera itxiko da. Bertan, baserriko produktuak eta arrain kontserba ederrenak erosteko aukera edukiko dute herritarrek.

Herritarrak, iaz, azokan erosketak egiten.

Arrain kontserba eta bertoko produktuak erosteaz gain, pintxo gozoak dastatzeko aukera izango dugu Berriatuako Azokan. Azoka honek ezaugarri gastronomikoa du eta horrek berezia egiten du. Elkarteen arteko pintxo lehiaketan, esaterako, bost elkartek parte hartuko dute: Goxalde, Kukulumutxu, Anaitasuna, Asterrikarrak eta Milloitarrak.

Gutxienez talde bakoitzak bi motatako pintxoak egin beharko ditu. Denetara, talde bakoitzak 200-250 pintxo inguru egin behar dituela jakitera eman dute antolatzaileek. Pintxoen aurre prestaketa lanak beraien egoitzetan egin ditzakete, baina azken prestaketak azokan bertan egin beharko dituzte.

Elkarteen arteko pintxo lehiaketa. Iaz estreinako egin zen eta arrakasta eduki zuen.

Pintxoak dastatu ahal izateko, txartelak erosi beharko dira azokan. Txartelak 2 euroko balioa izango du. Txartel bakoitzak 2 pintxo dastatzeko aukera ematen digu. Pintxoak dastatzeaz gain, Lea-Artibaiko sagardoa eta txakolina erosi eta edateko aukera egongo da. “Azoka benetan erakargarria eta girotsua izango da”, azaldu dute.

Ekoizleen hogei postu jarriko dira plazan. Oro har, azokan guztira 15 ekoizle, ikastola bi eta hiru artisau izango dira produktuak zuzenean saltzen. Horrez gain Produkton denda eta turismo informazio guneak ere bere erakusmahaia jarriko du.

Azokan parte hartuko duten ekoizleak:

  • Hiru arrain kontserbagile.
  • Hiru gaztagile: Idiazabal gazta eta ahuntz gazta.
  • Okin eta gozogile bi.
  • Ahatekien ekoizle bi.
  • Karakol kontserba eta janari prestatuen ekoizle bat
  • Eztigile bat.
  • Txerrikien ekoizle bat.
  • Baserriko hanburgesa saltzaile bat.
  • Barazki eta fruta kontserben ekoizle bi
  • Sagardo eta txakolin ekoizle bat.
  • Hiru Euskal artisau.
  • Produkton denda eta turismo informazio gunea.Herri Ikastetxeko Guraso Elkartearen eta 2015ko Ibilaldiaren postuak.

Domekan karta jokoen txanda izango da.

Maiatzak 2, zapatua

  • 10:00. Nekazal eta arrain kontserba azoka.
  • 12:00. Herriko elkarteen arteko II. Pintxo Lehiaketa.
  • 12:30. Trikipand-en kalejira, Tarine udal musika eskolaren eskutik.
  • 14:30. Bazkaria (herriko tabernetan edo gaztetxean izena eman behar da) eta ostean jolasak Berriatuko Gazte Asanbladaren eskutik.
  • 17:30. Euskal Herriko lur gaineko sokatira txapelketa (680 kiloko maila)
  • 22:30. Kontzertuak: Lau P4, Skaleak, Auskan. Antolatzailea: BGA.

Maiatzak 3, domeka

  • 16:30. Mus txapelketa.
  • 17:00. Umeentzako jolasak.
  • 17:30. Briska txapelketa.