Berdintasun plana

Hitzan irakurria

Emakume eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana egin du Berriatuko Udalak

Emakume eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana egin du Berriatuko Udalak. Plana egiteko, eragile ezberdinetara jo du udalak beraien iritziak, beharrizanak eta proposamenak jasotzeko; proiektua, beraz, irekia izan da. Diagnostikoa eginda, herritarren aurrean aurkeztu zuten joan den barikuan lau urtetarako baliogarria izango den plan parte hartzailea.

Plan horretan, arlo bakoitzerako helburuak zehaztu dituzte, eta horietako bakoitzean gauzatu beharreko ekintzak hartu dituzte kontuan; ume, gazte zein nagusiak kontuan hartzen dituzten 30 bat jarduera. Horiek gauzatzeko, 51.000 euroko aurrekontua aurreikusten du udalak. Gero, urtean-urtean, egiten denaren eta egiten ez denaren inguruko ebaluaketa bat egiteko asmoa erakutsi du.

Berdintasunak duen garrantzia hartu du kontuan Berriatuko Udalak plan hori egiteko, eta, herrian zegoen premiaz jabetuta, iaz erabaki zuen plan hori egitea 2015 eta 2018 urte bitarterako. Horretarako, udalerrian «benetako berdintasuna» lortzeko indarguneak eta hobetzeko esparruak identifikatu dituzte. Izan ere, «berdinak inor ez gara, baina gauza askotan berdinak izateko eskubidea daukagu, eta sarritan garrantziarik eman ez arren, berdintasunak garrantzia handia du», esan du udalak.

Berriatuko Udalak dioenez, «arlo askotan izango du eragina plan horrek; udaletxe mailan zein hemendik aurrera egingo diren ekintza guztietan». Izan ere, egun, «badaude berdintasunagaz lotutako hainbat gauzatxo egiteke». Kirol arloan, esaterako, emakumeen parte hartzea indartu beharra dagoela azaldu du. Diagnostikoa egiterakoan, gainera, emakumeek herrian dituzten zenbait beldurrez jabetu ziren; «herrian argiteria egon badagoen arren, badaude inguru ilunago batzuk, eta, horietatik igarotzeak, esaterako, batzuetan beldurra sorrarazten die emakume batzuei», aipatu dute.

Eskolan ere, «indar asko» jarriko dituzte, Hezkidetza proiektuan sartuta, «eurak direlako etorkizuna».
Oro har, tratu berdintasuna, aukera berdintasuna, aniztasuna eta ezberdintasuna errespetatzea, genero-ikuspegia txertatzea, ekintza positiboa, sexuaren araberako rolak eta estereotipoak desagarraraztea eta ordezkaritza orekatua hartuko ditu aintzat aipatu planak.

Berriatuko alkate Imanol Mugartegi «pozik» da plana egin izanagaz, «beharrezkoa eta egin beharrekoa» baitzen. Hori lantzeko, talde eragile bat sortzeko asmoa dagoela esan du.