Seme-alaben, ezkontzen, hildakoen… inskripzioa

Gaur egun udalean egiten diren jaiotza eta heriotza inskripzioak, ezkontza zibilak eta nazionalitate espedienteak uztailetik aurrera merkataritzako erregistratzaileen bulegoan egiteko legea martxan da, gainera ez dago argi gaur doakoak diren agiri hauek aurrerantzean ordaindu beharko diren ala ez.

Hitzan irakurria

Agiri publikoak, pribatu

Lehen seme-alaba jaio eta egun batzuetara herriko bake epaitegira joan ziren eta jaioberria inskribatu zuten gurasoek orain urte batzuk. Uztailaren amaiera aldera izango dute bigarren haurra, baina orain ez dakite non inskribatu beharko duten. Orain arte modu naturalean egin den tramitea zein den ez dakiten beste lekuren batean egin beharko dute. Izan ere, ez daude horrenbeste merkataritza erregistro; ez dago bat herri guztietan”. Erregistro zibilaren pribatizazioak ekarriko dituen eragozpenetako bat baino ez da izango hau, Julen Arsuaga EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez. Izan ere, uztailaren 15etik aurrera, erregistro zibilaren eskumenak merkataritzako erregistratzaileen esku geratuko dira: besteak beste, jaiotza eta heriotza inskripzioak, ezkontza zibilak eta nazionalitate espedienteak horien bidez tramitatu beharko dira.

Arsuagarekin bat datoz Bizkaiko alderdi politiko nagusietako kide gehienak, Alderdi Popularrekoak salbu. Eta iritzi berekoak dira sindikatuak. Ez dute ulertzen zergatik pribatizatu behar den ondo funtzionatzen duen zerbitzua. “Horrek herritarrei eragozpenak baino ez dizkie ekarriko”, Fernando Abad Euskadiko CSIF funtzionarioen sindikatuko bozeramailearen arabera.

Hain zuzen ere, datorren uztailaren 15etik aurrera, erregistro zibilari zegozkion eskumen guztiak haien esku hartuko dituzte jabetza eta merkataritzako erregistratzaileek, eta lehen, erregistro zibilean eta bake epaitegietan lor zitezkeen ziurtagiriak merkataritza erregistroan eskuratu beharko dituzte herritarrek, nahitaez. Hala finkatzen baitu Alderdi Popularrak onartutako 20/2011 legearen erreforma berriak. Joseba Zorrilla EAJko legebiltzarkideak azaldu bezala, hogei dira guztira Bizkaian dauden merkataritzako erregistratzaileen bulegoak, eta horietatik hamahiru Bilbon daude. “Beraz, herritar gehienek bizi diren herrietatik kanpo egin beharko dituzte tramite guztiak. Hala ere, espero dute tramite horiek, apurka-apurka, herritarrek Internet bidez egitea. Ezin dugu ahaztu gurean jauzi digitala existitzen dela, eta jende askok ez duela Internet erabiliko horrelako kontuak kudeatzeko”.

Jaioberrien inskripzioekin zer gertatuko den ez dago oso argi, hala ere: Leopoldo Barreda Espainiako Kongresuko PPko kideak dioenez, ospitalean bertan egiteko aukera egongo da, baina oraindik ez dago hori zehazten duen araudirik. Jaiotzak eta heriotzak ospitalean bertan inskribatzerik egonda ere, bestelako tramiteak egiteko eskualdeko merkataritza erregistrora joan beharko dute herritarrek. “Pentsa ezazu Mungian bizi zarela. Zerbaitetarako, senide baten heriotza agiria eskatu dizute. Bada, Gernika-Lumora joan beharko duzu eskatzera. Mungian ez duzu horretarako aukerarik izango aurrerantzean. Eta hori egiteak denbora eta dirua eskatuko die herritarrei; izan ere, beste norabait joan beharko dute ziurtagiria eskatzera”, salatu du Abad CSIF funtzionarioen sindikatuko bozeramaileak.

Orain arte, udaletako bake epaitegietan egin zitezkeen tramite horiek guztiak, doan. Ez dago argi, ordea, herritarrek horiengatik zerbait ordaindu beharko duten uztailetik aurrera. Nahiz eta Espainiako gobernuak ezetz dioen, beste alderdi politikoetako eta sindikatu nagusietako kideak ez dira fio. “Herritarrek zerbitzu horiek zerga zuzenen bidez ordaindu behar badituzte, berrordaintzen arituko dira; izan ere, beren zergen bidez ordaindu dute dagoeneko erregistro zibila eta horren informatizazioa”, azaldu du Arsuagak. Leopoldo Barredak azaldu duenez, berriz, ordainduz gero, diru publikoarekin ordainduko zaie erregistratzaileei. Alderdi Popularreko kideak, ordea, ez daki erakunde publikoek ordaindu beharko duten zenbatekoa, baina Bizkaiko Hitza-ri argitu dionez, orain arteko kostuak mantenduko direla uste du. Ustea baino ez da, ordea; izan ere, ez dauka datu zehatzik.

Merkataritzako erregistratzaileek eskumenak zein baldintzatan hartuko dituzten ez dago batere argi, eta Espainiako Gobernuak ez du gaia argitzen lagundu. Euskal alderdi politiko nagusietako kideek, Alderdi Popularrekoak kenduta, eta sindikatu nagusiek erregistro zibilaren pribatizazioa arautuko duen araudiaren inguruan dagoen gardentasun falta salatu dute behin eta berriro, eta ez dute ikusten orain arte ondo zebilen zerbitzua pribatizatzeko beharrik. 2011n hasi ziren erregistro zibila digitalizatzen, eta azken urteetan inbertsio handia egin da tramiteak errazteko eta agiriak Internet bidez eskatzeko aukera emateko. “Dirutza hori oparitzen ari zaie merkataritzako erregistratzaileei”, kritikatu du Miren Gallastegi PSE-EEko legebiltzarkideak. Harekin bat dator Joseba Zorrilla EAJko legebiltzarkidea. Azaldu duenez, Espainiako Gobernuak ehun milioi eurotik gora erabili ditu horretarako.

Jaiotza eta heriotza ziurtagiriak eskatzeaz gainera, bestelakoak ere egin beharko dira erregistratzaileen bulegoetan; esaterako, abizenen ordena aldatzeko, izenez aldatzeko, gurasoengandik emantzipatzeko eta nazionalitate espedienteak tramitatzeko haien bulegoetara jo beharko dute herritar guztiek.

Hori hala izango da tramiteak Internetez egin nahi ez dituztenentzat. Izan ere, orain arte, udaletako bake epaitegietako ordezkariek bere gain hartzen zituzten erregistroaren eginkizunak, baina ez da gehiago horrela izango.

Lanpostuak, kolokan

ELA, LAB, CSIF, CCOO, CGT eta UGT sindikatuek kritikatu dutenez, erregistro zibilean lan egiten duten langileen lanpostuak kolokan egon daitezke. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 252 langilek egiten dute lan erregistro zibilean; horietako 173k bake epaitegietan egiten dute lan. Bizkaian, LABeko Loreto Cabok azaldu bezala, 50 pertsona inguruk egiten dute lan erregistroan eta ehunetik gora bake epaitegietan. Erregistro zibiletan lan egiten dutenen lanpostuak mantentzeko promesa egin zuen Josu Erkoreka Justizia eta Herri Administrazioetako sailburuak 2014ko uztailean. Bai funtzionarioak, bai langile interinoak justizia administrazioko beste zereginetan ipiniko dituzte.

Espainiako Gobernuak bultzatutako legeak merkataritza erregistroen gain utzi ditu orain arte erregistro zibilarenak ziren eginkizunak. Orain arte funtzionarioen esku ziren herritarren datu pertsonalen kudeaketa langile autonomoen esku utziko da aurrerantzean. Izan ere, merkataritza erregistroko langileek oposizioak gainditu behar badituzte ere, ez dira funtzionarioak, ez baitute estatutik kobratzen zuzenean, baizik eta egindako lanaren gaineko zergak kobratzen dituzte. Eta erregistro horietako titularrek azpikontratatu ditzakete langileak.

Kezkagarritzat jo dute sindikatuek. Haien iritziz, berme gehiago daude erregistroa funtzionarioen esku utzita. Gai horrek ez du Nazario de Oleaga abokatua eta Bizkaiko Abokatuen Bazkuneko dekano ohia askorik kezkatzen, merkataritzako erregistratzaileak “informazio pribatuarekin lan egitera ohituta” daudelako. Abokatua kezkaturik dago herritar askoren eskubideak babesik gabe geratu daitezkeelako eta lanpostuak galduko direlako. “Orain arte doan izandako tramite horiek guztiek aurrerantzean ere hala izan behar dute. Pribatizazioa ez da ona inorentzat, ez zergak ordaintzen dituztenentzat, ez langileentzat, eta ez da ona ere lana bere gain hartuko duten erregistratzaileentzat”, azaldu du. Dioenez, merkataritzako erregistratzaileek haien lan eremutik kanpoko gaiak hartu beharko dituzte, eta, nahiz eta beste gaietan formakuntza handia izan, oso gutxi dakite, esaterako, nazionalitatea lortzeko prozeduren inguruan. Hori hala izanik, gabezia legalak pairatzeko aukerak gora egingo du, eta lege arazoak sor daitezke. Oleagak ez du horren argi eskumen aldaketa egingo denik. “Urtebete pasatu da, eta ez dira ezer egiteko gai izan. Ia jende guztiaren ezezkoarekin topatu dira: bai erregistro zibileko langileen aldetik, bai jabetza erregistratzaileek ez dutelako gaia argi ikusten, lan handia datorkielako eta oso gaizki ordainduta egongo delako”. Espainiako Gobernuak, ordea, dagoeneko badu aldaketa hori martxan jartzeko eguna finkatua: uztailaren 15a.