Berritxuko zestalariak euskal ligako finalera

Hitzan irakurria

Berriatuak eta Danok Batek Euskal Ligako finala jokatuko dute

Asteburuan Andoainen eta Berriatuan jokatu diren Zesta-puntako Euskal Herriko kluben arteko txapelketaren finalerdiak irabazi dituzte Berriatuko nagusiek eta ohorezko nagusiek. Donostiako Karmelo Balda frontoian jokatuko dituzte finalak,  zapatuan [martxoak 7] 16:00etatik aurrera. Ohorezko mailako nagusiek (Antxon Alberdi eta Jon Arriola) Gasteizen aurka, eta nagusiek (Julen Iriondo Retolaza eta Txomin Bereziartua) Donostiako Jai Alaiko Alberro anaien aurka ariko dira.

Ohorezko mailako nagusiek ez zuten hutsik egin Mendibarren frontoian jokatutako finalerdian; 35-24 irabazi zioten Beotibarko bikoteari. “Ez zuten oso partida ona jokatu, baina erraz menderatu zituzten aurkariak. Abantailagaz hasi ziren, eta azkenera arte abantaila hori mantentzea lortu zuten”, azaldu du Roberto Lekue entrenatzaileak.

Nagusien beste taldeak, Gaztelekuren aurka 30-35 irabazi zuen Andoainen. Julen Iriondo Retolaza gaixorik zegoen eta haren lekua Roberto Lekue aurrelariak hartu zuen. Berriatuko entrenatzailearen esanetan, “partida oso gogorra jokatu zuten nagusiek. Ondo aritu ziren finalerdian, eta merezita lortu dute finalerako txartela”.

Miruaitz frontoia

Kadete eta gazte mailan
Bestalde, Mutrikun jokatu behar zen kadeteen finalerdia atzeratu eta gero, eguaztenean [martxoak 4] erabakiko da Mutrikuko Danok Bateko Ekaitz Mendizabalen eta Mikel Manzisidorren aurkaria herriko beste bikotea edo Zumaiakoa izango den. “Jokatzen hasi baziren ere, frontoian hezetasun asko zegoen eta partida atzeratu egin behar izan genuen. Oso arriskutsua zen jokatzea”, azaldu du Jose Mari Manzisidor Danok Bateko kideak.

Gazteei dagokienez, Danok Bateko Jon Goenagak eta Aitor Andonegik txapelketa irabazteko aukera izango dute etxean bertan. Izan ere, Kadete eta gazte mailako finalak Mutrikuko Miruaitz frontoian jokatuko dira zapatu [martxoak 7] arratsaldean.