Gipuzkuarekin autobus lotura

Hitzan irakurria

Lurraldebusek herri arteko zerbitzu berriak aurkeztu ditu

Debabarrenean martxoaren 1etik aurrera martxan ipiniko direnLurraldebuseko herri arteko zerbitzu berriak aurkeztu dituzte.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako Departamentuak birmoldaketa garrantzitsua egin du lurraldeko garraioan. Birmoldaketa horren ondorioz, ibilbideak aldatu, zerbitzuak areagotu eta berriak sortu dira. Aldundiak azpimarratu duenez, gainera, “zerbitzuak herritarrek beharretara egokitzeko lan berezia egin da, herritarrek egindako ekarpenak kontuan hartuz”.

Unai Erroitzenea Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Garraio zuzendariak aurkeztu ditu eskualdeko linea berriak. Berarekin batera Debabarreneko hainbat udal ordezkari egon dira aurkezpenean: Joseba Palenzuela Mutrikuko alkatea, Hiart Arluziaga Soraluzeko alkatea, Arcadio Benitez Eibarko udal zinegotzia eta Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkatea.

Lurraldebus zerbitzu berriaren aurkezpena. Ezkerretik eskumara: H. Arluziaga, J. Palenzuela, U. Erroitzenea, A. Benitez eta A. Etxeberria. Argazkia: Debegesa

Hemendik aurrera hamabi linea arrunt eta gaueko hiru egongo dira eskualdean. Linea horietako nagusienak 06:00etatik 22:00etara egongo dira martxan lanegunetan, eta barikuetan gaueko azken autobusak 01:00etan jarri dira hainbat kasutan.

Era berean, berritasun modura, Mendaroko ospitaletara, Debagoienera eta Urola erdira ere konexioak hobetu egin dira.

Lea-Artibai eta Mutrikuren kasuan, hauek izango dira aldaketarik nagusiak:

  • DB03 Lekeitio-Donostia: Joaneko zerbitzu bat eta itzulerako beste bat Donostiako Antigua auzotik sartu eta irtengo dira, unibertsitateko ikasleen premiei erantzuteko. Linea horren bidez Debaberrena eta Zarautz arteko lotura ere bermatuko da. Asteburu eta jaiegunetan orain arteko eskaintza bikoiztu egingo da (bi bidaiatik laura pasatuz) eta Donostiatik azken irteera 21:00etan izango da.
  • DB04 Mallabia-Ondarroa: ordutegiak Bizkaibusen zerbitzuekin koordinatu dira Eibarren, eta Euskotren zerbitzuekin Deban. Barikuetan 01:00ak aldera arte luzatu dira zerbitzuak. Horrez gain, azken bi zerbitzuak Ondarroaraino luzatuko dira, astelehenetik barikura bitartean.
  • DB05 Ondarroa/Mutriku-Deba-Zumaia: linearen helburua, Deba-Zumaia ardatzaren bitartez, Debabarreneko kostaldeko udalerriak Urola Kostarekin lotzea da. Deban trenarekin lotzeko aukera ere egongo da, joaneko eta itzulerako zerbitzuetan. Zerbitzu gehiago eskainiko dira; batez ere zapatu, domeka eta jaiegunetan.
  • DB06 Soraluze-Ondarroa: Soraluze Mendaroko ospitalearekin eta hondartzarekin lotzen du helburu zerbitzu berriak. Lanegunetan eta asteburuetan noranzko bakoitzean bi orduoro eskainiko da zerbitzua.
  • DB41G Mallabia-Deba-Ondarroa: lehen egin modura, Ondarroa eta Mallabia gaueko zerbitzua eskainiko da aurrerantzean ere.