Ander Txakartegi Titan Desert-era

Hitzan irakurria

Ander Txakartegi: “Titan Desert-era gozatzera, sufritzera eta ekarpena egitera goaz”

Bizikleta eta abentura zaleentzako lasterketa bat moduan aurkezten bada ere, Titan Desert by Garmin mendi bizikleta lasterketak sakrifizioa eskatzen du. Baina norbere erronkei aurre egin eta horiek gainditzea ere lasterketaren filosofian sartzen da. Eta filosofia hori mugetatik haratago eroan dute bertoko hiru herritarrek.
Abentura, baina, ez da atzo hasitakoa. Ander Txakartegi berriatuarrak aspalditik zuen Titan Desert lasterketa egiteko ilusioa eta gogoa. Baina bere erronka haskozaz haratago zihoan: lasterketa egiteaz batera, proiektu solidario bat burutu nahi zuen. Eta, hain justu, proiektu solidario horrek eman dio Txakartegiri egitasmoagaz aurrera jarraitzeko grina.
Funtsean, lasterketa egiteaz gain, Txakartegik 6.000 eurotan baloratutako medikamentu, arropa, jolas eta abarrez beteriko atoia eraman nahi du. «Nik betidanik ezagutu izan dut etxean solidaritate hori eta barru-barrutik aterata, lasterketa egitera joan eta bidaiak bigarren helburu bat edukitzea ondo legokeela pentsatu nuen», dio berriatuarrak.

Ander Txakartegi (Berriatua), Txomin eta Iñigo Bustindui (Ondarroa), Xabat Arrate (Markina-Xemein), Eneko Barrota (Iurreta) eta Alex Txikonek osatzen dute taldea

Helburuak ondo finkatuta, inguruan galdetzen hasi eta lasterketa hori egingo luketenekin topo egin zuen. Hor sartu ziren jokoan Txomin eta Iñigo Bustindui ondarrutarrak, Xabat Arrate markina-xemeindarra eta Eneko Barrota iurretarra. Bata bestea baino kirol zale amorratuagoa, abenturazaleagoa eta probazaleagoa. Baina besterik ere gehitu zen taldera: Alex Txikon.
Taldea osotuta, urte bat baino gehiago atzera eginda batzen hasi ziren. Guztiek bat egin zuten Txakartegik proposatutako proiektu solidarioagaz. Eta behin gauzak argi zeudela, eta proiektuari lema ipini ostean (Basamortura eskuzabal), mugitzen hasi ziren, ateak jotzen hasi ziren.
Izan ere, lasterketa egiteak kostu ekonomiko handia badu, kostu hori oraindik gehiago garestitzen da proiektu solidarioarekin. «Bildutako produktu guztiak eraman egin behar dira, eta horrek kostu handia dauka», gaineratu du Txakartegik. Txikonen laguntzagaz eta ospeagaz, laguntza eta babes eske hasi ziren. «Enpresa askotara joan gara. Batzuk atea itxi badigute ere, beste batzuek lagundu egin digute, eta hori asko eskertzen dugu».
Eta ateak jo eta jo, taldea indarrak batzen joan da. «Koikili Lertxundi futbol jokalari ohiak ere proiektua babestu du eta laguntzen dabil, ahal duen heinean».

Lasterketa egiteaz gain, taldeak 6.000 euroko balioa duen atoia eramango du Marokora, medikamentu, arropa eta jostailuekin beteta. Proiektu solidario bat daramate eskuartean

Baina indar metaketa azkenera arte eramango dutela argi dute guztiek. «Laguntza guztia ongietorria izango da; dena behar dugu».
Indarrak batzen
Zentzuz baina burugogor, tentuz baina inertziaz eta denaren gainetik, gogotsu. Horrelantxerik dabiltza Txakartegi eta gainontzeko taldekideak azken hilabeteetan. Txartelak saltzen, babesa eskatzen, proiektua azaltzen eta euren ilusioa besteei helarazten. Izan ere, zer edo zer badute, proiektu solidarioa burutzeko ilusioa dute. «Lasterketa egingo dugu, baina gure proiektua azkenera arte ailegatzea nahi dugu. Egingo duguna mundu guztira zabaldu nahi dugu, eta aldi berean, laguntza eskaini diguten guztiei mundu guztiaren aurrean eskerrak eman nahi dizkiegu, laguntza hori barik hau ez zelako posible izango».
Lasterketa apirilaren 27tik maiatzaren 2ra egingo da, Marokon. Bien bitartean, Txakartegi eta gainontzeko kideak jo eta ke ari dira gauzak antolatzen: bertso saioa, bertso afaria… «Dena beharko dugu», azpimarratu du Txakartegik.
Enpresa batzuek lagundu dieten moduan, Berriatuko, Ondarroako eta Iurretako udalek eskainitako laguntza ere eskertu nahi izan dute. Senideei ere emandako babesa eskertu nahi izan diete. «Hasieran zoratuta nengoela esaten zidaten. Baina laguntza eskatzen hasi garenean, eta gure asmoagaz aurrera jarraituko dugula egiaztatzean, beti aldamenean ditugunak hor egon dira, eta hori asko eskertzen da».
Amatxorbe elkartea
Proiektua Amatxorbe elkartearen babesean ari dira gauzatzen. «Amatxorbe kirol ekintza solidarioak egiteko Iurretan sortutako taldea da. Elkarte moduan osotuta zegoenez, Barrotari esker, gure proiektua elkarte horren izenean aurkeztu dugu».

Proiektua Amatxorbe Iurretako elkartearen izenea aurkeztu dute; taldea kirol ekintza solidarioak egiteko elkartea da

Ilusioa ageri-agerian dute taldeko kideek, eta atez ate indarrak gehitzeko laguntza eskatzen ibili diren sasoian asko ikasi dutela diote. Hori bai, euren helburua zein den ez dute ahaztu, beti presente eduki dute.
Lasterketari dagokionez, proba ez dago edozein bizikleta zaleri zuzenduta. Baina bostak ondo asko dakite horrelako proba batek suposatzen duena. Eta horri jarraituz, entrenamenduak eta bestelako ariketak egiten ari dira; Jorge Azanza txirrindulari profesional ohiagaz ere saioak egiten ari da Txakartegi. «Ez dugu buruan lasterketa lehen edo azken amaitzea. Guk egin nahi dugu egin, eta bitartean gure proiektu solidarioa bertara bideratzea».
Oro har, Marokora «sufritzera baina aldi berean gozatzera» doazela diote. «Esperientzia bizi nahi dugu, gure ekarpena eginaz».

Informazio gehiago

  • Proiektuaren izena. Basamortura eskuzabal.
  • Kideak. Ander Txakartegi, Iñigo eta Txomin Bustindui, Xabat Arrate, Eneko Barroeta eta Alex Txikon.
  • Proiektu solidarioa. 6000 eurotan baloratutako mendikamentu, arropa, jolas eta bestelakoz betetako atoia eroango dute.
  • Sare sozialetan. Amatxorbe elkartearen izenean doan proiektuaren nondik norako guztiak jakiteko, taldeak Twitter kontu bat dauka: @amatxtitan.
  • Ekintzak. Markina-Xemeingo Aratusteetan txosna ipiniko dute (otsailak 15); Bertso afaria, Aspen (martxoak 13); Bertso saioa, Berriatuan (martxoak 22). Txartelak ere saltzen ari dira (hainbat kirolariren kamisetak zozkatzen dituzte, besteak beste).
  • Lasterketaren datak. Apirilaren 27tik maiatzaren 2ra.

2 thoughts on “Ander Txakartegi Titan Desert-era

  1. Nere postekin loturak: Bertso afaria | Berriatua Bizi

  2. Nere postekin loturak: Bertso saioa | Berriatua Bizi

Erantzunak itxita daude.