Maribel Aiertzari elkarrizketa Hitzan

Hitzan irakurria

Maribel Aiertza: “Panpina haregaz gogoratuta, ideia garatzea lortu nuen”

Maribel Aiertzak (Etxebarria, 1962) bere azken lana argitaratu du.Munstro bat edukiontzian beharraren nondik norakoen berri eman du. Besteak beste, liburua sortzeko idea nagusia nondik sortu zen argitu du.

Orain dela gutxi ‘Munstro bat edukiontzian’ zure azken liburua kaleratu duzu. Gaztetxoentzako liburua da, ze adin tarterako gomendatuta dago?
8 eta 10 urte bitarteko gaztetxoentzat sailkatu dute, baina guztiek irakurtzeko moduko liburua da.

Aurreko liburuan bezala, oraingo honetan ere haur literaturgintza aukeratu duzu. Zer edo zer bereziagatik?
Idazle eskola amaitzean, nire buruari erronka bat ezarri nion, eta horren guztiaren inguruan gauzak katean sortzen joan dira. Argitaratu zidaten lehenengo nobela (Tigreak hondartzan) adin guztientzako nobela izan zen. Lehenengo lanaren ostean, editoreak haur literaturako zer edo zer idatzi beharko nukeela aipatu zidan.

Kasu hartan zer idatzi zenuen ba?
Aurretik ere, gazte literaturarako zer edo zer idatzita neukan, eta editoreak hori esan ostean, umeentzako            istorioak bilatzen hasi nintzen. Hortik sortu zen nire bigarren lana, eta Mara eta izar-saltzailea umeentzako istorioa. Hori amaitu eta gero, nobela bat idazten hasi nintzen, baina patxadaz idazteko denborarik ez dut aurkitu. Horren ostean, umeentzako beste istorio bat topatzen hasi nintzen. Hain zuzen ere, Munstro bat edukiontzian, oraintxe argitaratu dudana. Umeentzako istorioak, beti ere, laburragoak dira. Denbora gutxiago eskatzen dizuten istorioak dira. Istorio hau topatu nuen, eta berari ekin nion.

Aurrekoan Mara izan zen protagonista, eta oraingo honetan Gorka. Mutil bat zerbait bereziagatik aukeratu duzu?
Ikastetxeetara Mara eta izar-saltzailea aurkeztera joaten naizenean mutikoek beti esan ohi didate ia zergatik ez dudan mutil bati buruzko istorio bat idazten.  Kasu honetan, protagonista mutila izateak badu eskaera horregaz zerikusia, baina, egia esan, istorioa beste era batera sortu zen. Era oso bitxian, gainera.

Zelan?
Era oso sinplean izan zen. Egunkari zaharrak edukiontzi urdinera botatzera joan nintzen, eta nahi barik, eskuagaz edukiontziko ilezko ahoa ikutu nuen. Nire irudimena martxan hasi zen, eta barrutik norbaitek eskutik helduz gero zer gerta zitekeen pentsatzen hasi nintzen. Umeentzako istorio baten bila nenbilen, eta pentsamendu horregaz dena martxan hasi zen.

Zer nolako pertsonaia da Gorka?
8 urte inguru dauzka. Edukiontzian zarata batzuk daudela konturatu da, eta misterio horren inguruan bueltaka hasten da. Gorkak bere bildurrak ditu. Gelara sartzen zaizkion munstroak edukiontzian entzuten dituen zaratekin erlazionatzen hasten da. Beldurtuta baldin badago ere, misterio hori argitu nahian hasten da.

Aurreko istoriotik hona zer desberdintasun dago?
Kasu honetan, istorio baldarragoa egin nahi izan dut. Gorkak munstroei dien beldurra irudimenaren laguntzagaz gainditu beharko du. Misterioa argitze horretan, konplexu batzuk eta beldurrak gainditu beharko ditu.

Zer nolako konplexuak dira gainditu beharrekoak?
Gorka munstroagaz harremanetan hasten denean, munstroak eskaera berezi bat egingo dio.


Zer eskaera?
Edukiontziak papera jaten du, baina ez da edozein paperegaz konformatzen. Munstroak marrazkidun paperak eskatzen dizkio Gorkari. Hala ere, marrazkiak egiten oso txarra dela sinistuta dago. Izan ere, lagunek horren kontura burla egiten diote. Munstroagaz ondo konpontzeko eta munstroak bere logelara sartu ez daitezen, marrazkiak egiten txarra den konplexu hori gainditu beharko du. Azkenean ezusteko bat izango du Gorkak, eta beldurrak ez direla hain handiak konturatuko da.

Gorkari buruz idazterakoan, norbaitengan inspiratu zinen?
Modu batera edo bestera, semearen beldurrak hor agertzen dira. Gero, badago ezagutzen dudan beste mutiko bat. Mutikoak marrazkiak egiten oso makala zela esan zidan. Azkenean, zuk sortzen dituzun pertsonaiak joaten zara sartzen horrelako kontuetan.

Protagonistetako bat munstroa izatea ez da nolanahiko aukera izan, ezta? Zure bizitzagaz zerikusirik ba al dauka?
Edukiontziko lehen ideagaz, misteriozko istorio bat egin nahi nuen. Beldur hori irudikatzeko, gainera, munstro bat etorri zitzaidan gogora. Nire semeari umetan munstroak ikustea ikaragarri gustatzen zitzaion, baina gauetan, ume askoren modura, beldurtu egiten zen. Izeba batek munstro itxurako panpina bat oparitu zion, eta panpina haregaz gogoratuta, ideia garatzea lortu nuen.

Eta zergatik aukeratu dituzu munstroak beldurra sortzeko, eta ez beste pertsonaia batzuk?
Etxeko esperientzia hori buruan nuen. Beldurrezko istorio bat da, eta beldurra sortzeko modurik errezena munstroak edo mamuak erabiltzea da.

Istorioa gainera, ilustrazioekin kontatu duzu.
Elkarren bilduma honetan, marrazkilari bategaz batera elkarlanean egin dugu beharra. Kasu honetan, Mikel Santos Belatzek egin ditu liburuko marrazkiak.

Zer nolako esperientzia izan da ilustrazioak garatzea?
Lehenengo eta behin, istorioa idatzi nuen, eta ostean, marrazkilaria argitaletxeagaz batera aukeratu zen. Behin marrazkilaria aukeratuta, hark istorioa irakurri eta gero, bere askatasun guztiagaz sortu ditu irudiak.

Pozik geratu zara emaitzagaz?
Oso irudi politak dira. Gorka bera nik irudikatzen nuen bezala margoztu du. Ez du oso lan erraza eduki. Edukiontzi bat, berez, ez da oso estetikoa. Edukiontziak pisu handia dauka istorioan, eta horri joko pixka bat ateratzea ez dut uste lan erraza izan denik.