Espainiako bandera

Udalak Espainiako banderari buruz ateratako idatzia

Espainiako bandera udaletxeko balkoian jartzea

Gehienok entzun izango duzuen moduan, Espainiar Estatua, udaletxeko balkoietan Espainiako bandera jartzera behartzen ari da. Berriatuko Udalari ere iritsi zaio agindu hori, eta Abenduaren 20a da epemuga.

Orain arte, ahalegindu gara ahalik eta gehien atzeratzen, eta bateko eta besteko aitzakiak jarriaz, zerbait lortu dugu. Baina oraingoan, ondorio larriagoak ekar ditzakeela ikusita, gu ere jartzera behartuak ikusi gara.

Beraz, ohar honen bitartez, jakitun egiten zaituztegu, Abenduak 20an udaletxeko balkoian Espainiako Bandera ipiniko dela.

Baina geurea ikurriña dela argi uzteko, herritar guztiok animatzen zaituztegu balkoietan ikurriña jartzera egun hauetan. Horretarako, udaletxean izango dira salgai ikurriñak ostegun eta ostiral honetan, 2 Euroren truke.

Horretaz gain, Abenduaren 31 goizean Kalamendira egingo den irteera, argazki bat aterako da, ikurriña aurrean dela. Herrira jaisten garenean, eguerdi aldera, ikurrinari omenaldi bat egingo diogu, aurrerago zehaztuko diren ekintzekin.

Ekintza hauetan parte hartzera animatuaz,GEUREA IKURRIÑA

Berriatua, 2014ko Abenduak 17