Truke azoka

Gaztetxean Abenduak 20an truke azoka antolatu dute

Sarritan aipatu izan dugu gizarte kapitalistan bizi garela eta ez dugula horrela jarraitu nahi, baina ez gara ohartzen gu garela hori alda dezaketenak. Kapitalismoa ez da ezer kontsumitzen duen gizarte gabe. Masiboki eta beharrezkoa ez dena erosten duen jendea da horren oinarri. Gainera, urtean zehar badira kontsumo hutsera bideratu dituzten zenbait jai egun, adibidez beherapenak, maitaleen eguna… eta nola ez Gabonak! Horretaz jabetzeko telebista piztu eta bertako publizitatearen ugaritzea ikustea besterik ez daukagu. Produktu berriak barra-barra agertzen dira, lurrinak, jostailuak, janariak… Azkenean, beti bukatzen dugu beharrezkoak ez ditugun hainbat gauza erosita.

Hori gutxi balitz berrerabili edo etekina atera ahal zaien produktuak birritan pentsatu gabe botatzen ditugu, modan dagoen produktu berriago bat erosteko asmoz. Gaurkoan, gazte asanbladak, etxean baztertuta dituzuen objektu horiek identifikatu eta ABENDUAREN 20an goizeko 11:00etatik aurrera plazako kioskoan egingo den TRUKE AZOKAra ekartzeko deia egiten dizue, hau kontsumo burugabeari aurre egiteko alternatibetako bat delakoan. Bertan, aukera izango duzue etxetik eramango duzuen hori beste partaideek eramandako produktuekin trukatzeko. Zer trukaturik ez duzula? Hori ez da arazoa, denbora ere truka dezakegu eta!

BERRITXU BURUJABE BATEN ALDE!