Errege bideko krossa

Hitzan irakurria

Jende asko batu da Errege Bideko Berritxu Krosean

Gaztetxoek 3 kilometroko ibilbidea egin zuten. Argazkia: Urepel kirol taldea

Balorazio positiboa egin dute Berriatuko Udaleko eta Urepel kirol taldeko kideek. Joseba Goienola Urepeleko kideak aditzera eman duenez, iaz, denetara 50 bat kidek parte hartu zuten Berriatuko lehen kros herrikoian. Aurten, eskualdeko 60 bat lagunek eman dute izena zazpi kilometroko ibilbide luzean. Horrez gain, gaztetxoentzako prestatu den hiru kilometroko ibilbide motzagoan 15 bat gaztetxok parte hartu dute.

Aurten gainera, bide berritik egin dute krosa. «Jendeari polita iruditu zitzaion bidea. Hala ere, gogorra izan zela esan ziguten. Eguraldi onagaz, jendeak korrika gustura egiteko moduko eguna egin zuen», azaldu du Goienolak.

Lasterketa bukatu eta gero, luntxa egin zuten udaletxe inguruetan. «Giro ederra eta oso ona egon zen, eta eguraldi onagaz gainera, sekulako eguerdia pasa genuen. Denak oso ondo irten zuen». Ikusleak ere asko izan ziren. Guztiei eskerrak eman nahi izan die antolatzaileek.