ProdukON denda irekiera

Hitzan irakurria

Produkton turismo-informazio bulegoa eta baserriko produktuen denda zabalduko dute Berriatuan

Barikuan, 12:30ean, inauguratuko dute Erribera kaleko 39 zenbakian dagoen egoitza. Aurkezpen ekitaldian Durangaldeko zein Lea-Artibaiko ekoizleak, sukaldariak, turismo eragileak eta eskualdeko ordezkariak hartuko dute parte. Egoitza ezagutzeagaz gain, dendan aurkitu daitezkeen eskualde bietako produktuekin prestatutako pintxoak dastatzeko aukera ere egongo da.

Produkton ekimena Lea-Artibai eta Durangaldeko ekoizleak zein produktuak eta Lea-Artibai eskualdea turismo arloan sustatzeko helburuagaz sortutako egitasmoa da. Berriatuko Udalak bultzatu du proiektua eskualdea eta bertako produktuak ezagutzera emateko asmoz, eta bide horretan, Lea-Artibai Landa Garapen Elkartearen eta Oiz Egin Elkartearen laguntza izan du, bai eta Lea-Artibaiko garapen agentziarena ere.

Denda eta informazio bulegoa

Produktonen egoitzan Lea-Artibai eta Durangaldeko ekoizleen produktuak salduko dira, eta bide batez, Lea-Artibai eskualdearen gaineko informazioa eskainiko dute. “Bertako herritarrei zein bisitariei Lea-Artibai eskualdeak eskaintzeko duen ondarea erakutsi nahi diegu”, adierazi dute.

Egitasmo irekia

Momentuz, parte hartzera animatu diren Durangaldeko eta Lea-Artibaiko ekoizleek euren erakusleihoa dute dendan, baina, egitasmo irekia dela jakitera eman dute:”Eskualde bietako ekoizle zein turismo eragile guztiei gonbidapena luzatu nahi diegu Produkton egitasmoan parte har dezaten”.