Aitakutz 2014

Hitzan irakurria

Lagunarteko giroan ospatu dituzte Aitxe Kutz jaiak Berriatuan

Zapatu goizeko jolasak. Argazkilaria: Berriatua Bizi

Kirola eta jolasa izan dira nagusi. Zapatu goizetik hasi ziren jokoan berriatuarrak eta domekan ere horretarako tartea hartu zuten.

Futbolean eta zesta-puntan ibili ziren txiki eta gazteak eta bizikletak aterata zirkuituak osatu zituzten makilen ondotik eta azpitik pasatuta zapatu goizean, eta bizikleta gainean jarraitu zuten arratsaldean ere. Aurtengoa koadrilen arteko laugarren desafioa izan dute eta norgehiagoka bizian egin zuten kostako ibilbidea koadriletako ordezkariek. Herritarren animorik ez zitzaien falta izan ibilbidean, bide bazterretatik txalotu zituzten aurtengo norgehiagokan parte hartu zuten 26 partaideak.

Koadrilen arteko bizikleta desafioa. Argazkia: Berriatua Bizi

Apurka-apurka helmugaratzen joan ziren txirrindulariak. Lehenengoa oraingoan, Imanol Aldabal izan da 56:53 denboragaz.

Domekan, berriz, umeentzako duatloia egin zen adineka banatuta. Euria ere egin zien gaztetxoei, baina ardurarik barik, gogotsu egin zituzten aringa-aringa eta bizikleta probak.

Duatloiaren ostean, ur eta bits txirristaren gainean gozatu zuten ume eta gazteek. Aldatzean gora igo eta plastiko gainean irristatuz jaisten ziren behera berriz ere gora igoteko.

Domeka eguerdiko ur jolasak. Argazkia: Berriatua Bizi

Datorren asteburuan ere jarraipena izango dute Aitxe Kutz jaiek. Orduan ere kirolak izango du protagonismoa, Juan Luis Kanterape txirrindularitza memoriala eta ligako lehen futbol partidua jokatuko dira.

EGITARAUA (Irailak 20, zapatua)

  • 16:30ean, XXXII. Aitxe Kutz txirrindulari saria. Kadete mailako lasterketa. XIII. Juan Luis Kanterape memoriala. Ibilbidea: Berriatua-Markina-Xemein (Lekoizko biribilgune buelta)-Berriatua-Ondarroa-Berriatua-Plazakola-Merelludi gane-Oleta-Lekeitio-Ondarroa-Berriatua (57 km).
  • 18:00etan, futbola: Berriatuko-Busturia. Ligako lehen partidua Ibarra futbol zelaian.