Aitxekutz jaiak

Hitzan irakurria

Urtaroa ondo agurtzeko, santakurtzeetan murgilduko dira berriatuarrak

Udako azken jaietariko batzuk dira santakurtzeak, eta urtaroa ondo baino hobeto agurtzeko, ekintzaz beteriko egitaraue dakartzate beste urte batez Berriatuara.

Berriatuko herritarrek, esaterako, jai herrikoiak izango dituzte aukeran Aitxe Kutzeko festetan. Bertako alkate Imanol Mugartegik azaldu legez, zapatuan koadrila giroan igarotzeko kirol eguna izango dute Berriatuan, eta, besteak beste, kirolagaz lotutako jokoak egingo dituzte. Egitarauko berritasun bat da hori; izan ere, iaz, herri kirolak egin zituzten. Aurten, baina, herriko kirol talde desberdinek antolatutako ekintzak izango dituzte egiteke. Horrez gain, ohitura bilakatu den urteroko koadrilen arteko bizikleta desafioa ere egingo dute. Koadrila bakoitza bere nikiagaz joaten da eta 40-50 bat lagun batzen omen dira. Parte hartu nahi duenak jarritako hitzordua eta lekuan egotea besterik ez du izango.

Egunak aurrera egin ahala, beste pare bat ekintza egingo dituzte: parrillada Errekondon eta erromeria Angel Eizagirregaz Urepel plazan. Domekan, umeei zuzendutako eguna izango da, batez ere, eta dutaloia, ur-jolasak eta bazkaria dituzte antolatuta. Hurrengo zapatuan, hilaren 20an, azkenik, Aitxe Kutzetako txirrindulari lasterketa (XIII Juan Luis Kanterape memoriala) lehiatuko dute kadeteek. Mugartegiren arabera, herritarrek parte hartzeko pentsatuta dauden jaiak dira, batez ere; «kanpokoen ustez, ez da egongo aparteko gauzarik agian, baina giro ederra izango da, lagunartekoa, herrikoa».

EGITARAUA

Irailak 13, zapatua.

– 11:00etan, herriko koadrilen arteko txapelketa, herriko kirol talde desberdinek proposatutako jokoekin.

– 17:30ean, herriko koadrilen arteko IV. bizikleta desafioa. Kostari buelta zeinek arinago eman.

– 20:00etan, Parrillada Errekondon Goxalde elkartearen laguntzagaz (sardinak eta falda errea, sagardoa, txakolina…).

– Ostean, erromeria Urepel plazan, bertako Angel Eizagirregaz.

Irailak 14, domeka.

– 11:00etan, meza Aitxe Kurtzeko ermitan.

– 11:30ean, umeentzako duatloia. (Parte hartzaile guztientzako egongo da opariren bat).

– Ostean, ume txiki eta handientzako ur-jolasak.

– 14:30ean, bazkaria Arriola jatetxean. Oharra: eguraldi ona balego, udaletxeak eskuragarri ipiniko ditu mahai eta aulkiak, nahi duenak bazkaria egin eta Errekondon jateko.

Irailak 20, zapatua.

– 16:30ean, XXXII. Aitxe Kutz txirrindulari saria. Kadete maila. XIII. Juan Luis Kanterape memoriala. Ibilbidea: Berriatua-Markina-Xemein (Lekoizko biribilgune buelta)-Berriatua-Ondarroa-Berriatua-Plazakola-Merelludi gane-Oleta-Lekeitio-Ondarroa-Berriatua (57 km).

– 18:00etan, futbola: Berriatuko-Busturia. Liga hasierako partidua Ibarra futbol zelaian.