Berriatua Ondarroa ibilbidea

Hitzan irakurria

Zabalik egon arren, Berriatua eta Ondarroa arteko pasealekua ez dago erabat amaituta

Uztailaren 31an zabaldu zuten Berriatua eta Ondarroa lotzen dituen pasealekua oraindik ez dago guztiz amaituta. Ur patzuergoko langileak tarte bat ubideratzen dabiltza saneamenduko kutxatila bat sartzeko. Horiek lanak amaitzen dituztenean atonduko dute ondo ingurua, eta ostean egingo dute inaugurazio ekitaldi ofiziala. Hala ere, pasabidea zabalik dago eta arazorik gabe paseatu daiteke bertatik. Izan ere, saneamentuko lanak egiten dabiltzan tarte horren ordez beste behin behineko tarte bat dago.

Ur patzuergoko lanek hiruzpalau hilabete iraungo dutela aurreikusten du Udalak. «Horiek amaitzean tarte hori bide gorri bihurtu eta erabat atondu ostean inauguratuko dugu», azaldu du Mikel Altube Udaleko aparejadoreak. Beraz, esan duenez datorren urte hasiera arte ez da guztiz amaituta egongo.

Aspalditik prest behar zuen pasealekuak, baina, baimen batzuk falta zituztela eta lanak Udaletik espero zutena baino gehigo luzatu dira. «Hiru hilabetetan egin behar zena hamar hilabetera luzatu da», zehaztu du Altubek.  Izan ere, baimena heldu bitartean sei-zazpi hilabetez lanak geldi egon ziren.

Berriatua eta Ondarroa arteko pasealekua egiteko lanen aurrekontua 110.000 eurokoa da. Kilometro bat pasatxoko tartea da, 1.200 metro baititu. ibilbidean zehar bi zubi eta bi urmael ipini dituzte.