Berdintasun plana

Galdetegia

Hitzan irakurria

Berriatuan Berdintasun Plana egiteko herritarren iritziak batzen ari da udala

Emakume eta gizonen arteko berdintasunari dagokionez, herriko egoeraren diagnostikoa osatuko dute. Imanol Mugartegi Berriatuko alkatearen berbetan, ” lehenengo berdintasun arloan herriko argazkia atera nahi dugu, gero udalerriko lehenengo berdintasun plana egin ahal izateko”.

Azken hilabeteak informazio bilketa egiten ari dira, eta hilaren amaiera arte ibiliko dira horretan. Izan ere, ahalik eta jende gehienen artean osaturiko plana egin nahi dute.

Dagoeneko batzartu dira hainbat eragileekin; tartean eskolako kideekin, guraso elkartearekin eta alderdi zein elkarteetako ordezkariekin. Bestalde, galdetegi bat prestatu dute berriatuarrek betetzeko. Galdetegia udalaren web orrian dago edonoren esku, edo bestela udaletxean eskatu dezakete.

Galdetegian berdintasuna bultzatzeko ekimenen zerrenda ageri da, eta herritarrek zehaztu behar dute horietatik zeintzuk duten lehentasuna. Besteak beste honako ekimenak aipatzen dira: iritzi sexistak eta estereotipoak gainditzeko sentsibilizazioa lantzea, gizonak zaintza eta etxeko lanetan inplikatzea, emakumeen kontrako indarkeriaren arreta eta prebentzioa hobetzea eta erabakiak hartzen diren lekuetan emakumeen presentzia handitzea.

Udalean eperik ez dute zehaztu, baina, urte amaiera baino arinago Berriatuko I. Berdintasun Plana prest izatea espero dute. Hala, bertan bildutako edukiarekin berdintasun arloan etorkizunean egin beharreko ekimenak zehaztu ahalko dituzte. “Plana egingo dugu eta planak erakutsiko digu zein den hemengo egoera eta zein pauso eman behar ditugun etorkizunean”, azaldu du Berriatuko alkateak.