Zorixonak Anitxu

Hitzan irakurria

Gernika Jai Alai, Berriatua, Markina eta Danok Bat Euskal Herriko onenak

Gernika-Lumo, Berriatu, Markina-Xemein eta Mutrikuko zesta punta eskoletako pilotariek jantzi dituzte aurten Euskal Herriko Kluben arteko zesta-punta Txapelketako txapelak. Markina-Xemeinen eta Donostian jokatu dira finalak asteburuan, eta Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko bikoteak izan dira garaile.

30 eta 22 irabazi zuten Mutrikuko Danok Bat taldeko Ekaitz Mendizabal eta Mikel Manzisidorrek zapatuan Markina-Xemeinen. Kadeteen mailako partidua izan zen lehenengoa eta ondo aritu ziren Danok Batekoak.

Senior mailan, Berriatuako bikotea izan zen nagusi. Ibai eta Anitxuk aurrea hartu zuten hasieratik eta halantxe jarraitu zuten amaierara arte Cabanillasko bikoteari aukerarik ere emon barik. 10 tantuko aldea ere atera zieten nafarrei partiduaren erdialdera. Azkenean, 26 eta 35 irabazi zuten Ibai eta Anitxuk partidu ona jokatu ondoren.

 

Partidu bizia eta gogorra jokatu zuten Berriatuak eta Gernikak Ohorezko mailan. Pareko hasi ziren bikoteak, baina entsegida hartu zuten aurrea Barandika eta Leke gernikarrek. Berriatuko Antxon eta Ubilla ez ziren baina, atzean gelditzekoak eta gogor borrokatu zuten amaierara arte. Azken emaitza 23 eta 35 Leke eta Barandikaren alde.

Gazteak
Domekan jokatu zen Donostian gazteen mailako finala Markina eta Zumaiaren artean. Markinako bikoteak, Gandiaga II.ak eta Ibarluzeak ondo eta lasai jokatu zuten. 10. tantuan aurretik jarri zen Markinako bikotea eta 22. tantora arte 2 edo 3 tantuko aldeagaz joan zen aurretik. Momentu horretan, tirekada eman eta aldea hartu zuten garaipenera arte erraz ailegatzeko. 35 eta 27 irabazi zuen Markinakoek.