Konpostajea

Urtarrilean zaborren inguruan egindako herri batzarretan komentatu bezala konpostajea egiteko aukera martxan jarriko da Berriatuan, hemen duzue Udaletxetik herritarrei idatzitako gutuna, nahi duenak izena eman dezan

Berritxuar agurgarria,

Hondakinen tratamenduari buruz hasitako bideari jarraitzeko asmoarekin berriro zuzentzen gara zuregana. Urtarrilaren 15 eta 16an egin ziren herri batzarretan, materia organikoa tratatzeko edo jasotzeko zeuden aukerak azaldu eta hauei buruz hitz egin zen. Aukera hauetako bat konposta egitearena izan zen, banakakoa (auto-konpostajea) edo taldean (auzo-konpostajea).

Nahiz eta oraindik guztiz zehaztu gabe egon etorkizunean zein izango den hondakinen bilketa sistema, momentu honetan auto edo auzo konpostajearekin hastea da proposamena, edozein bilketa sistemarekin bateragarria delako.

Horretarako, jakin behar dugu zenbat jende dagoen prest parte hartzeko hasera honetan borondatezkoa izango den konpostajeko proiektu honetan. Ondoren, apuntatzen den jendeari konpostajeari buruzko formazioa emango zaio, eta formazioa jaso ondoren konpostagailuak banatuko dira etxe bakarren kasuan, eta auzo konpostagailuak ipiniko dira herri gunean apuntatzen direnentzako, apuntatzen den jendearen arabera kopurua eta tokia zehaztuz.

Beraz, guztia antolatzeko eta konpostajearekin martxan hasteko, parte hartzeko prest zaudetenok eman zuen izena udaletxera deituz (946137030) edo udala@berriatua.org helbidera e-maila bidaliz martxoaren 11a orduko. Edozein zalantza argitzeko ere deitu edo idatzi trankil.

Guztion ahaleginaz ziur egon gure hondakinek eragiten duten kaltea murriztea lortuko dugula, birziklapena indartuz eta konpostajea bultzatuz.

Animatu zaitez ingurumenaren alde zeure aletxoa jartzera!

Eskerrik asko zure ahalegina gaitik.

Berriatuan, 2014ko otsailaren 18an.