Cikautxoko zubi berria

Hitzan irakurraia

Zubi berriak zirkulazio arazoak murriztuko dituela uste du Berriatuko Udalak

Berriatuko Madalena azoko industrigunean eraikitzen ari diren zubiak, bi hobekuntza nagusi izango dituela azpimarratu du Berriatuko Udalak . «Alde batetik, zubia zabalagoa izango denez, zirkulazio arazo gutxiago sortuko dira eta Cikautxo enpresako joan etorriak erraztuko ditu. Bestalde uraren mailak igotzen duenean, altuera dela eta urak ez duela orain arte moduan igoko» azaldu du Imanol Mugartegi Berriatuko alkateak. Izan ere zubi zaharrak erdian pilare bat dauka eta horrek arazoak sortzen ditu errekak ekartzen dituen hondakinak bertan pilatzen direlako. Horrez gain, zubi berriak oinezkoentzako pasabidea izango duela aurreratu du herriko alkateak.
Udalak Berriatuko zubiaren proiektua aspalditik zehaztutakoa dela esan du. Hala ere, 2013ko irailera arte ez dituzte lanak hasi. Bukaera eguna zehazten ez da ausartzen Mugartegi. «Oraindik lan handia falta da egiteko; zubi berria jarri behar da eta horren ostean trafikoa bertara desbideratu. Hori bukatutakoan, zubi zaharra kendu eta berria lekuz aldatu beharko da. Horrek lan handia dakar eta oraindik ezinezkoa da lanen bukaera eguna zehaztea» azaldu du.
Zubi berriaren kostuaren zati txiki bat baino ez du ordainduko Berriatuko Udalak. Izan ere, lanen kostuaren %85 baino gehiago Cikautxo enpresak hartu du bere gain. «Orain arte udalak 15.000 euro ordaindu ditugu, gainerakoa Cikautxok ipini du» argitu du. Lanak hasteko eguna ere Cikautxoren diru ahalmenak baldintzatu duela esan du udalak.