desanexio txapelketaren finalak

Hitzan irakurria

Zesta-punta zaleek partidu bikainekin gozatzeko aukera izan zuten atzo,Berriatuan. Aurreikuspenek agintzen zuten modura, III. Memorial Luis Bilbao Desanexio Txapelketako lehia bizia izan zen, eta izugarrizko maila ona erakutsi zuten pilotariek.

Urtero modura, lagun asko batu ziren Mendibarren frontoian finalak ikusteko, eta ikuskizunak ez zuen hutsik egin. Finaleko lau partiduetatik hiru emozioz beteta egon ziren azkenera arte.

Txikien finalagaz hasi zen atzoko norgehiagoka. Partidu polit-polita eskaini zuten Goitia IIIak eta Lekoixek, eta Olabarria eta Danelek. 16 tantura, 18 tantura eta 20 tantura ere berdindu zuten markagailua, baina azkenean, Goitia III eta Lekoixe egin ziren garaipenarekin.

Kadeteek ere, partidu gogorra jokatu zuten. 22. tantura arte, hiru edo lau tantuko aldeagaz ibili ziren gora eta behera pilotariak, azken emaitza baina, Gotzon eta Jon-en aldekoa izan zen. 30 eta 26 irabazi zioten Maza eta Egiari.

22 azpikoetan berriz, alde handiagaz irabazi zuten Retolaza eta Ibarluzeak. Hasieratik hartu zieten aurrea Martin eta Txomin-i, markagailuan 10 eta 0-eko aldea ezarrita. Horrela, tantuz tantu, aldea handitzen joan zen bikoteen artean, eta Martin eta Txomin-ek ez zuten ezer egiteko aukerarik eduki. 30 eta 14 geratu zen markagailua.

Pelota biziagaz jokatu zuten arren, maila handia erakutsi zuten elite mailako lau pilotariek. Jokaldi bikainak eta indar handikoak eskaini zituzten ikusleen gozamenerako, eta bikoteak pareko ibili ziren amaierara arte. Alberro eta Arriolak hartu zuten aurrea baina, Arbe eta Lekerika gainean izan zituzten partidu guztian. Halan, markagailua 22 eta 23 tantuan jarri zenean, sakea eskuratu, eta aurretik ipini ziren Arbe eta Lekerika. Bi eta hiru tantuko aldea amntendu zen bikoteen artean, emozioa azkenera arte luzatuz. Alberro eta Arriolak, nahiz eta ekin, ezin izan zituzten Arbe eta Lekerika harrapatu. Azkenean, beraz, Arbe eta Lekerikak jantzi zuten txapela.