Goikolaun erakusketa berria

Hitzan irakurria

Goikolauk lur azpiko ondarea ezagutaraziko du Berriatuan

Goikolau elkarte sortu berriak beste erakusketa bat antolatu du hurrengo aste bietarako: Ehiztari biltzaileen paleolito aroko artea. Erakusketarenaurkezpena barikuan izango da, 19:30eanelkartearen lokalean.

Erakusketa abenduaren 1era arte egongo da ikusgai.
Orain arte Lea-Artibaie ta Busturialdeko espeleologiari buruzko erakusketa egon da lokalean, eta hitzaldia ere eskaini zuten ADES espeleologiaren eskutik.
Bestetik, azaroaren 28an, eguena, hitzaldia egongo da Berritxuko historiaurreko kultur ondarea izenburupean. Hitzaldia AGIRI arkeologia taldeak eskainiko du.
Erakusketa eta hitzaldiak izan dira Goikolau elkartearen lehenengo ekitzak, eta denak, lur azpiko ondareari buruzko jardunaldien barruan kokatu dituzte.
Taldearen aurkezpen ekitaldia
Goikolau elkarteak hilabete honetan egin du aurkezpen ekitaldia. Lokalean bertan egin zuten, lekua herriari aurkezteko, eta elkartea bera eta haren helburuak zeintzuk diren azaldu zuten. Imanol Mugartegi Berriatuako alkateak ere parte hartu zuen ekitaldian.
Lokalean bertan jarrita zegoen erakusketaren aurkezpena ere aurkezpenaren egunean egin zuten taldekideek. ADES espeleologia taldeko Josu Zeberiok ere parte hartu zuen.
Lehenengo ekintza modura lupeko bizitzaren gaineko jardunaldiak antolatu badituzte be, «barruko beharragaz» ere badabiltzala esan dute Goikolaukoek: «Gauza historikoak gorde, herriko jendearen testigantzak jaso, artxiboa sortu…», esan dute elkartekideek. «Gauza asko dago egiteko».
Taldeak hiru ardatz dituela esan dute: jaso, balioan jarri eta transmititu. «Hainbeste gauza egin dira Berriatuan orain arte, eta ez dago ezer ere gordeta», diote.
Bestalde, «baliorik garrantzitsuena jendea» dela nabarmendu nahi izan dute Goikolaukoek. «Jendea ondaretzat hartzen dugu, eta jendeari buruzko guztia jasoko dugu», esan dute.

Bazkide kanpaina, martxan
Goikolauk bazkide kanpaina jarri du martxan nahi duten herritar guztiak parte har dezaten.
Bazkide egiteko urtean 25 euro ordaindu beharko dira. Horretarako, elkarteko kideengana edota lokalera joan eta orria betetzea nahikoa izango da.
Bestalde herritar guztiek «ateak zabalik» dauzkatela gogorarazi dute Goikolaukoek.
Informazioa jaso nahi duenak lokalera bertara gerturatu edotagoikolau@gmail.com helbidera idatzita jar daitezke harremanetan.