Lea Artibai eta Mutrikuko Hitzak 10 urte ZORIONAK

Hitzan irakurria

Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzak 10 urte bete ditu

Bi eskuak bete-bete. Hamarkada bat informazioz bete, joan-etorriz bete, euskaraz bete, albiste gazi-gozoz bete, solasaldi luzez eta gero artez bete.
Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzak hamar urteko ibilbidea egingo du astelehenean, azaroak 11.  Ospatzeko urteurrena izango da tokiko egunkariarena, herriz herri banakoekin, taldeekin eta elkarteekin partekatzekoa. Lagunekin egotekoa.

Ohi legez, herriko dinamikaren bozgoragailua izango da Hitza. Kalean egongo da, plazaz plaza eragileek antolatu dituzten ekintzetan laguntzen, ekintzak jasotzen eta zabaltzen.
Abendura bitartean, hainbat ekintza daude lotuta: astelehenean, urteurrena dela gogora eragingo dute Lekeitioko, Ziortza-Bolibarko eta Markina-Xemeingo informazio panelen bitartez. Hasiera baino ez da izango hori. Eskualdeko bi kultur ekitaldi garrantzitsutan ere egongo da egunkaria: Lekeitioko Zine eta Bideo Bileran Hitza Saria emango da. Mutrikuko Ziriako Andonegi literatur lehiaketan epaimahaikidea izango da eskualdeko egunkaria.
Eta Hitzaren laguntza izango dute, besteak beste, hurrengo egitasmoek: Ondarroan, Atako bandan ikuskizunak (azaroak 16), Aurrera Mendi Asteak (azaroak 20-abenduak 1); Kakatzan lasterketan (abenduak 31); Lekeition, Zine eta Bideo Bileran (azaroaren 25eko astean); Berriatuan, Desanexio Egunean (azaroak 25); Mutrikun, Santo Tomas egunean (abenduak 21); eta Ziortza-Bolibarren, Olentzero eta Mari Domingirekin egiten den ekitaldian (abenduak 24).
Lekeition, afaria
Ekintzaz ekintza, Lekeition afari bat egingo da. Azaroaren azkenengo asteburuan izango da hori, barikuan edo zapatuan. Egunkariak egin duen bidean, ibilbidean, hortxe, albo-alboan egon diren lagun guztiak daude bertara gonbidatuta.