Menpekotasuna duten pertsonentzat akonpainamendu aktiboa

Hitzan irakurria

Martxan da, pertsonen bizi kalitatea hobetzeko proiektua Lea-Artibain

Lea Artibaiko Amankomunazgoak Akonpainamendu aktiboa deritzon proiektua abiaraziko du apirilean, pertsonen bizi kalitatea hobetzeko asmoz.

Enplegu eta Formakuntza atalaren baitan Amankomunazgoak martxan jarri nahi duen proiektu barria da Akonpainamendu aktiboa. Hain zuzen, menpeko pertsonei edo horretarako arriskuan daudenei, «burua erabiltzeko eta buruko eta gorputzeko gaitasunak bultzatzeko» aukera emon nahi die Amankomunazgoak. Era berean, menpeko pertsonen familiek  eurentzako denbora hartzeko aukera izatea ahalbidetu nahi dute.

Hilean 10 orduko zerbitzua
Proiektuan parte hartzen duen menpeko pertsona bakoitzak 10 orduko zerbitzua izango du hilean: aste batean bi egunez eta hurrengoan hiru egunez. Hala, egunean ordubeteko zerbitzua jasoko dute, horretarako kualifikatuta dagoen pertsona baten eskutik. Antolatzaileen arabera, pertsona bakoitzak bere etxean jasoko du aipatu zerbitzua, gainera.

Amankomunazgoak azaldu duenez, arratsaldetan –15:00etatik 20:00etara bitartean–emongo dute aipatu zerbitzua; pertsonaren eskaria eta langilearen lan ordutegia kontuan hartuta zehaztuko delarik ordutegia.

Proiektuan parte hartu nahi duenak bere herriko Gizarte Zerbitzuetan aurkeztu beharko du eskaria, barikua baino lehen. Gero, psikologo  bat eskatzaile bakoitzagaz jarriko da harremanetan bere egoeraren balorazioa egiteko. Behin balorazioa eginda, jakitera emongo zaio ea proiektuan parte hartzeko aproposa den ala ez.

Zerbitzua 55 euro ordainduta
Proiektua apirilaren 2an jarriko du martxan Amankomunazgoak eta irailaren 10era arte iraungo du. Epe horretan, 10 euro ordaindu beharko ditu parte hartzaileak hilean, irailean 5 euro ordainduko dituen bitartean. Hala, aipatu zerbitzuak, orotara, 55 euroko kostua izago du pertsona bakoitzarentzat.