Berriatuko euskeraren liburu eta DVD-a

Ekainak 3,  barikuan,  arratsaldeko 20:00 bideogelan egingo da aurkezpena

Prentsa oharra

Ekainaren 3an, iluntzeko 8etan, Berriatuko bideo gelan, Itziar Aramaiok, Berriatuko euskararen zenbait alderdi liburua nahiz Ze dinozu? dokumentala aurkeztuko ditu, Berriatuko Udalak eta Urepel Aldizkaria Kultur Elkarteak babestuta.

Berriatuko euskararen zenbait alderdi liburua duela 14 urte hasi zen bere lehen hatsak hartzen, egilea, Deustuko Unibertsitatean euskal filologiako ikasle zela.    Atsotitzak herrian bildu eta unibertsitateko lan xume bat izatekoa zena, ia 2000 atsotitz batzen zituen bilketan bilakatu zen.   Errefrau haietan, hainbat hitz ezezagun agertzen ziren bere ikaskide nahiz herriko gazte askorentzat (“Laixaketan estu eta maixen nasai”; “Praka sarrak arabasañek ueri”; “Etxeko latzak berebetan baleki, se esan aukiko leuke”;…).   Hala bada, esakera zahar haietan agertzen zen lexikoaren hiztegitxo bat egitea otu zitzaion.   Pixkanaka-pixkanaka, erran zuhurretan oinarritutako lantxo bat izatekoa zena, ia bi mila esalege, ehun esamoldetik gora, Berriatuko euskararen hiztegi zabala (diru, neurri, arrain, txori, haize, sagar mota eta abarren zerrenda luzeak barne) nahiz lexiko honen azterketa, Berriatuko aditz laguntzailea Ondarroakoarekin eta Markinakoarekin alderatua, Berriatuko euskararen azentu sistema, Berriatuan lekutzen diren kondairak eta abar biltzen dituen liburu mardulean bilakatu da.

Aipamen berezia merezi dute ere liburu honetan agertzen diren argazki zaharrek.   Gehienak, denak ez esatearren, Berriatuko jendearen antzinako irudiak dira, herriaren nortasun, ohitura, fede eta egunerokoaren adierazgarri.   Argazki hauetako askok, ia 100 urte dituzte.  Zaharrena, 1892. urtekoa da.

Ze dinozu? dokumentala, hasiera batean, liburu honen aurkezpen egunari begira sortu zuen Itziarrek.   Bertan, Saioa Lopez Berriatuarrak eta Pablo Olabarriak parte hartzen dute; eta grabaketa nahiz maketazio lanak, Juan Bidegain Ondarrutarrak egin ditu.

Berriatua-Ondarroa (Bizkaia) inguruan lekutzen den dokumental honetan, alde batetik, euskalkiek eskaintzen diguten aberastasuna eta hauen egoera islatu nahi da; baina bestetik, eta bereziki, euskalkiz nahiz azpi-euskalkiz josiriko lurralde honetan, non 7 kilometroren barruan hiru hizkera ezberdin aurki ditzakegun (euskaldun berri batentzat batik bat), hizkuntza honen jabekuntza aberasgarri bezain “frustrantea” bihurtzen dela maiz.

Hasiera batean lan hau liburuari lotuta jaio bazen ere, prestatzen hasi bezain laster, beste helburu batzuk lortzeko ere baliagarria izan zitekeela jabetu ziren.  Ondarroa eta Markina herriak, bai Bizkaian, bai Euskal Herrian, ezagunak dira.  Bizkaieraren barruan ere, Ondarroako eta Markinako euskarak zona handia dute, “pertsonalitate” handiko bi hizkera dira.   Berriatua, bi herri horien erdian dago, baina inork ez du ezagutzen Lea-Artibai eskualdetik kanpo, ez herri bezala, ez eta bertan hitz egiten den euskarari lotuta.   Berriatuko euskarak bi herrietako eragina hartu du urteen poderioz, eta badu zer aztertu, baina inork ez dio sekula harretarik jarri orain arte.   Esan daiteke, pertsonalitate handiko bi herri nahiz hizkera hauek, Berriatukoa ia jan egin dutela.

Arrazoi hauek bide, lan honekin, euskalkien alorra ukitzeaz gain, hauek aitzakiatzat hartuta, Berriatuko herria, Bizkaiko eta Euskal Herriko jendearen mapetan kokatzeko erabili nahi da, BERRITXU ba dela HERRITXU adierazi!  Horretarako dokumental hau zabaldu egin nahi da, Berriatuko herriaren izena, izana eta esana, ezagun egin asmoz.

3 thoughts on “Berriatuko euskeraren liburu eta DVD-a

  1. Nere postekin loturak: Berriatuko euskeraren liburua eta DVDaren aurkezpeneko argazkiak « Berriatua Bizi

  2. Nere postekin loturak: Urtea bete dau blogak | Berriatua Bizi

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s