Desanexio garaiko kontuak

“Aieriko lur-eremuan etxebizitzak zertarako?” tituluarekin txosten bat publikatu zuen Ondarroako ezker abertzaleak pasa den urtean.

Dokumentuaren sarreran Aieri Berriatu izatetik Ondarroa izatera nola pasatu zen azaltzen da (hemen)

AIERIKO LUR-EREMUAK ONDARROAKO HIRIBILDUAREN LURRALDEARI GEHITZEA LORTZEKO GESTIOAK (1979-1984)

Lur-eremu horiek betidanik Berriatuko udalerriarenak izan dira, frankismoaren garaian izan ezik, 1969. urtean, Ondarroako Udalak Berriatuko Udala lotsagabeki irentsi zizkion arte.

1979ko Udal hauteskundeen ondoren, Ondarroako Udala PNV, HB, eta LKI alderdi politikoen hautetsiekin osatu zen. 10 zinegotzi PNVkoak, bost HBkoak, bi LKIkoak. Legealdi hartan, Ondarroako Udalak esku artean izan zituen arazoen artean, Berriaturi bere herri nortasuna itzultzea izan zen gairik garrantzitsuena. Momentu hartan, PNV berak, bere hamar zinegotzien artean lau berrituar zituen, Berriaturen desanexioa lortzeko gestioak bultzatzeko, hain zuzen ere.

Izan ere, Ondarroako Udala osatzen zuten alderdi politiko guztiak ados zeuden frankismo garaian eginiko injustizia berehala bideratu behar zela, Berriatuko herriari udalerri izaera itzuliz, bere lur eremu eta guzti.

Berriatua eta Ondarroa arteko mugak erabakitzeko orduan, lehengo mugak onartzea zen biderik zuzenena eta errazena. Baina Berriatuko Herri Batzordea (“Consejo Rector de Berritua” delakoa) bera ere ohartu zen hau ezinezkoa zela. Izan ere, Zubi Barriaren bestaldera, Berriatuko Madalena auzoan, hain zuzen, zenbait etxebizitza jada eraikita zeuden, gaur egungo, Ondarroako Madalena eta San Juan Txurru kaleetako etxebizitzak, alegia. Berriatuko udalerriaren lur-eremuetan eraikita egon arren, etxebizitza hauek Ondarroaz erabat lotuta zeuden: ur eta beste zerbitzu batzuk Ondarroako udalak ematen zizkieten, umeak ere Ondarroako eskoletara bidaltzen zituzten etab. Azken batean Madalenan eraikitako auzo berri hura, Ondarroaren jarraipen bat besterik ez zen, eraikuntzaz zein bizimoduaz.

Egoera anormal hura bideratzeko asmoz, berriatuarrek eurek Madalenako lurrak eta bertako etxebizitzak Ondarroako udalerriaren mugetan gelditzea proposatu zuten.

Muga historikoak aldatzeko berriatuarrek agertu zuten jarrera eta eginiko eskariak, Ondarroaren etorkizuna aztertzera eraman gintuen herritar asko. Izan ere, inola ere ez genuen nahi, urte batzuk geroago, berriz ere beste toki baten gertatzea Madalena auzoan gertatua.

Beraz, Aieriko lur-eremuei begira jarri ginen. Alde batetik, gaur egun ditugun aurrerapen teknikorik ez zegoen orduan. Ondorioz, lurzoru lauak behar ziran etxebizitzak eraikitzeko. Bestetik, Anbulategira eta Zubi Zahar ikastolara iristen zen kale berria ere Artibai ibaiaren beste alderaino luzatzea ere aurrikusten zen zubi barri baten bidez.

Aieriko lur-eremuak, Ondarroako udalerriari uztea luzaro eztabaidatu zen Ondarroako Udal bileretan. Azkenean, garai hartan Ondarroako Udala osatzen zuten PNV, HB eta LKI alderdiak ados jarri ziren Aieriko lur-eremuak Ondarroa udalerriarentzat uzteko desanexioa egiteko orduan. Baina beti ere, etxebizitza gehiago eraikitzeko beharra balego, eta Aieriko padura gordez eta zainduz.

Proposamen hau, garai hartan berriatuarrek antolatuta zeukaten Herri Batzordeari ere jakinarazi zitzaion, herri bien arteko adostasunaz aurrera eramatea nahi zen eta. Egia esan, ondarrutarren proposamena ez zen ondo ikusia izan berrituarren artean, hasiera baten behintzat. Batzuen eta besteen artean harremanak luze joan ziren. Giroa ere zaildu egin zen une batzuetan.

Batzar berezi bat deitu zen Berriatuako udaletxean gai honi buruz eztabaidatzeko. Uste dugu 1982ko abuztuaren 19an izan zela. Berriatuako udaletxean bildu behar ginen Berrituako Herri Batzordeko kideak eta Ondarroako zinegotzi ondarrutarrak. Han ginen, HBko eta LKIko zenbait zinegotzi. PNV-k ere bidali zuen Maria Luz Burgoa zinegotzia, baina Felix Aranbarri alkatea ez zen agertu ere egin.

Batzar hartan denetik entzun behar izan genuen Berriatuko Herri Batzordeko kide batzuen ahotik. Hainbeste hitz gogor eta irainen artean “ondarrutarrok Franco bera baino diktadore handiagoak ginela” ere aurpegira jaurti ziguten. Honelako astakeriak entzun behar izan genituen han ginen ondarrutar zinegotziok. Batzuok 1936ko gerra garaian Francoren errepresioa (Ondasun inkautazio eta erbesteratzeak) sufritu behar izan genuenak ginen, beste batzuek Frankismoaren urterik beltzenetan tortura eta espetxea bizi izan zuten.

Hala eta guztiz ere ondarrutar zinegotziok denboraleari brankaz eutsi genion, eta ondarrutarren eskabidea eta honen zergatia behin eta berriz azaldu genien Berriatuko ordezkariei.

Azkenean, Ondarroaren eskabideari ateak irekitzea lortu genuen. 1982-11-23n idatzi bat sinatu zuten Ondarroako udala osatzen zuten PNV, HB eta LKIko hiru ordezkarik eta Berriatuko Herri Batzordeari igorri zitzaion. Handik egun gutxira, berriatuarrek Herri Batzar irekian bildu eta Ondarroako Udalak igorritako idatzia aztertu ondoren, berriatuarren gehiengo handi batek onartu zuen ondarrutarron eskaria. Hona hemen papeleta bidez eginiko botazio haren emaitzak: 198 boto Ondarroako Udalaren eskaria onartzearen alde, 21 boto kontra eta lau abstentzio.

Herri Batzarraren erabaki hau kontuan hartuz, Berriatuko Herri Batzordeak 1982-12-03an egin zuen bilera berezian aho batez onartu zen Ondarroako Udalaren eskaria eta horrela Ondarroak Aieriko lurrak eskuratu zituen.

Hauxe da Aieriko lur-eremua Ondarroa udalerriari anexionatuta geratu zenaren historia, laburki esanda.

Honen guztionen lekuko gara, garai hartan Ondarroako zinegotzi izan ginen eta hemen behean sinatzen dugunok.

  • Josu Arrizabalaga Badiola
  • Jose Luis Bedialauneta Gallardo
  • Txomin Letamendi Urresti
  • Imanol Oruemazaga Baseta

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s